Atzealdea ZIURek zibersegurtasun arloan Europako araudia betetzera zuzendutako Azelerazio Programa azaldu du MUBIL Mobility Expon

ZIURek zibersegurtasun arloan Europako araudia betetzera zuzendutako Azelerazio Programa azaldu du MUBIL Mobility Expon
Gipuzkoako Industria Zibersegurtasuneko Zentroko zuzendari María Penillak hitzaldi bat eskaini zuen automozio eta mugikortasun sektoreek dituzten erronken inguruan, besteak beste bere produktu industrial konektatuak ziberseguruak direla ziurtatzearen derrigortasunaren inguruan
Automozioaren eta mugikortasunaren sektoreak beren prozesuak eta produktuak zibersegurtasun arloko araudi berrietara egokitu beharko dituzten sektoreen artean daude, besteak beste 2027an behin betiko indarrean sartuko den CRA (Cyber Resilience Act) araudia. ZIUR Gipuzkoako Industria Zibersegurtasuneko Zentroaren eskutik, Errealitate hori protagonista izan da Ficoban izan den den MUBIL Mobility Expo mugikortasun jasangarri eta adimendunaren inguruko industria-azokan.
ZIURek produktu industrial konektatuen zibersegurtasunaren arloko Europako araudia betetzen laguntzeko abian jarri duen Azelerazio Programa azaldu du bertan. Enpresentzako aholkularitza eta laguntza tresna honek Gipuzkoako industria-sarearen lehiakortasuna eta berrikuntza indartzea du helburu.
Horrela, ZIUReko zuzendari María Penillak Euskadiko automozio sektoreko zibersegurtasunaren egungo egoeraren inguruan hitzaldi bat eskaini zuen Iruneko azoka-eremuan kokatutako ‘MUBIL Stand’ gunean. Penillak, besteak beste, enpresek ziberinteligentzia zerbitzu bat edukitzearen garrantzia azpimarratu zuen (KELA proiektua), ZIURek produktu industrialen zibersegurtasuna ebaluatzeko sortu duen metodologia azaldu zuen, eta Europako NIS2 eta CRA araudiek mugikortasun eta automozio arloko enpresen hornidura-katean izango duten eragina aztertu zuen.
Azken puntu honi dagokionez, produktuetan zibersegurtasun ziurtagiriak lortzeko Europako eskakizunak gero eta zorrotzagoak izango dira, eta paradigma-aldaketa hori da sektoreak aurrean duen erronka nagusietako bat. Penillak datuekin azaldu zuen zenbait hornidura-katetan eta produktu industrialen zibersegurtasunaren ebaluazioan oraindik bide luzea dagoela egiteko.
Testuinguru horretan, ZIURek martxan du produktu industrial konektatuen zibersegurtasunari buruzko Europako araudia betetzeko Azelerazio Programa propioa. Hiru milioi euroko inbertsioa duen ekimen aitzindariak 80 produktu industrial konektatu arte ebaluatzea du helburu, enpresei CRA eta beste araudiak betetzen laguntzeko asmoz. Lege honetara egokitzea betebehar arautzaile bat izateaz gain, Europako merkatuan lehiakortasun-faktore argia ere bada Gipuzkoako enpresentzat.
ZIUR, MUBIL Mobility Expo 2026ko bazkide aktiboa
MUBIL Mobility Expo 2026 azokaren esparruan, ZIURek erakusketarientzat antolatutako ibilbide industrial eta teknologikoetan parte hartu du. Ekimen horien helburua Gipuzkoako eta Euskal Herriko mugikortasun jasangarriaren ekosistemaren berrikuntza, gaitasunak eta ahalmenak bertatik bertara ezagutzea izan da eta, erea berean, aliantza estrategikoak sustatzea.
Testuinguru horretan, ZIURek, mugikortasun adimendun eta jasangarrira aplikatutako zibersegurtasun ekimenak partekatzeko helburuz, mugikortasun sektoreko enpresak bere instalazioetan hartu zituen.
Halaber, azokaren 5. edizioko partner gisa, ZIURek azokan bertan egindako kongresuan parte hartu du. María Penillak “Datuen kudeaketa adimenduna adimen artifizialarekin eta zibersegurtasuna mugikortasun konektatu eta autonomorako” mahai-ingurua moderatu du, eta bertan sektoreko adituek parte hartu dute, besteak beste AVL Ibérica Euskadi, Neximode Solutions, Serveo Servicios, bigD Diseño industrial e innovación, Vicomtech eta Kapsch Group enpresetako ordezkariek.