Atzealdea ZIURek bat egin du Eclipse Fundazioarekin kode irekiko software industrialean berrikuntza eta zibersegurtasuna bultzatzeko

ZIURek bat egin du Eclipse Fundazioarekin kode irekiko software industrialean berrikuntza eta zibersegurtasuna bultzatzeko
ZIUR, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa, Eclipse Fundazioko, kode irekiko softwarearen garapenean lankidetza eta berrikuntza sustatzen dituen nazioarteko erakundeko, kide bihurtu da. Lankidetza irekian, gardentasunean eta berrikuntza industrialaren sustapenean oinarriturik dagoen Eclipse Fundazioaren filosofia guztiz bat dator ZIURen estrategiarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera bultzatutako Market Place proiektu berriarekin. Proiektu hori, lurraldeko enpresen lehiakortasunerako funtsezko arloa den konektatutako produktu industrialen zibersegurtasun arloko Europako araudia betetzea errazteko lehen azelerazio programa da.
“Eclipse Fundazioko kide izateak softwarearen garapenerako nazioarteko komunitatearekin harreman zuzenean egoteko, Erresilientzia Zibernetikoaren Legeak (CRA) produktu industrialetan duen eragina hobeto ulertzeko eta ezagutza hori Gipuzkoako enpresa komunitateari transferitzeko aukera ematen digu”, adierazi du María Penilla ZIUReko zuzendari nagusiak.
“Pozik gaude ZIUReri Eclipse Fundaziora eta Araudia Betetzeari buruzko Lantalde Irekira ongietorria emateagatik”, adierazi du Mike Milinkovich Fundazioko zuzendari exekutiboak. “Europak Ziberresilientziaren Legea ezartzeko bidean aurrera egiten duen heinean, ZIUR bezalako kideen esperientzia funtsezkoa izango da gure erkidegoari erregulazio berri horietan nabigatzen eta horiek betetzeko baldintzak betetzen laguntzeko”, azpimarratu du.
Bi hamarkada baino gehiagoko esperientzia duen Eclipse Fundazioak 300 kide baino gehiagoren babesa du mundu osoan, eta ospea nazioartean, erkidegoak zuzendutako eta industrian zentratutako kode irekiko berrikuntza bultzatzeko duen gaitasunarengatik. Erakundeak, gaur egun, proiektu estrategikoak koordinatzen ditu arlo hauetan: Java enpresariala, sistema integratuak eta automobilgintza eta mugikortasuna. Arlo horietan, softwarearen zibersegurtasuna gero eta garrantzitsuagoa da.
ZIURentzat, atxikimendu hori beste urrats bat da zibersegurtasun industriala indartzeko konpromisoan, batez ere manufaktura-enpresa gehienak beren produktuetan software librea –liburutegiak edo kode irekiko baliabideak– txertatzen ari diren une honetan.