Atzealdea ZIURek CRA legeak industria-sektore ezberdinetan izango duen eragin praktikoa aztertu du Bilbon

ZIURek CRA legeak industria-sektore ezberdinetan izango duen eragin praktikoa aztertu du Bilbon
ZIUReko zuzendari nagusi María Penillak Cyber Resilience Act araudiaren eragina eta industriak Europako zibersegurtasun-esparru berrira egokitzeko dituen erronkak aztertzera zuzendutako Tecnaliak eta Certinaliak antolatutako jardunaldi batean parte hartu du
ZIURek Tecnaliak eta Certinaliak antolatutako “Cyber Resilience Act (CRA): Reglamento Europeo (UE) 2024/2847” jardunaldian parte hartu du. Bilbon egindako topaketak produktu digitalen diseinuan, garapenean, integrazioan, fabrikazioan, ziurtapenean edo merkaturatzean diharduten ehun profesional eta erakunde inguru bildu ditu. Jardunaldiak zibererresilientziaren legeak industria-sarearen jardueran izango duen benetako eragina ezagutarazi nahi izan du, era horretan industria-enpresek eskakizunei aurrea hartu diezaieten, beren prozesuak egokitu ditzaten eta Europako merkatu digitala eraldatuko duen araudi-esparru berrirako prestatu ahal izan daitezen.
Araudi berria 2027ko abenduan erabat indarrean sartzeak inflexio-puntua ekarriko du Europar Batasunean merkaturatzen diren elementu digitalak dituzten produktu guztientzat. Legeak fabrikatzaileei, garatzaileei eta integratzaileei zibersegurtasuna diseinu-fasetik bertatik txertatzea, zaurgarritasunen kudeaketa aktiboa mantentzea eta produktuaren bizi-ziklo osoan zehar adostasun teknikoa bermatzea eskatuko die.
Gipuzkoako Industria Zibersegurtasuneko Zentroko zuzendari nagusi María Penillak ‘CRA eta IEC 62443 araudien aplikazioa industria-sektore ezberdinetan’ mahai-inguruan’ parte hartu du. Bertan, industriaren benetako erronken inguruan, Cyber Resilience Act araudiaren ezarpenaren inguruan eta diseinutik integratutako zibersegurtasun baterantz egiten ari den bilakaeraren inguruan duen ikuspegia partekatu du.
Zentzu horretan, ZIUReko adituak araudiak gehien eragindako industria-sektoreak eta haien egokitzapen-maila aztertu ditu. Horrez gain, euskal eta gipuzkoar enpresen zibersegurtasun-mailaren inguruko diagnostikoa partekatu du eta, amaitzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ZIUR Azelerazio Proiektuaren aurretiazko emaitzak aurkeztu ditu. Gipuzkoako enpresei zibererresilientziaren araudira egokitzen laguntzea da proiektu honen helburua. "CRA bizkortzeko gure proiektu honekin 80 enpresara arteko produktuen ebaluazioan lagundu nahi dugu eta, dagoeneko, 50 eskaera jaso ditugu", adierazi du María Penillak. "Gure helburua CRAra egokitzeko ziklo osoa betetzea da, prozesu honi berme gehiagorekin aurre egiteko enpresei behar duten aldez aurreko laguntza eskainiz", gaineratu du.
Era berean, Gipuzkoako industria-sarearen zibersegurtasuna indartzeko helburuarekin Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako dirulaguntza-lerroak aurkeztu ditu.
Penillarekin batera Power Grid INGETEAMeko R&D Project Manager Imanol Garciak, AFM Klusterreko zibersegurtasun-aditu Jon Arreguik eta SPRI Taldeko Smart & Cyber departamentuko arduradun Guillermo Unamunok parte hartu dute. Guztiek nabarmendu dute enpresa-ehuna babestuko duen industria-zibersegurtasuneko euskal eragileen sarea sendotzearen eta lankidetza-ekosistema sendo bat izatearen beharra.
Jardunaldian, gainera, Juan Pulpillok ere parte hartu du. Industria Zibersegurtasuneko Zentroko (CCI) lege-betetzean adituak, araudi-eskakizunak industria-inguruneetara modu praktikoan eramateari eta IEC 62443 bezalako nazioarteko estandarrekin duten loturari buruzko hitzaldia eskaini du.