Atzealdea Urola Erdiko 20 industria-enpresatik gora eraldaketa digitala sustatzeko tresna publikoekiko interesa agertu dute

Urola Erdiko 20 industria-enpresatik gora eraldaketa digitala sustatzeko tresna publikoekiko interesa agertu dute
ZIURek Iraurgi Berritzenek antolatutako lan-saioan parte hartu du, ZIUR Azelerazio Programa eta Foru Aldundiaren zibersegurtasun arloko dirulaguntza-deialdi berrian duen eginkizuna aurkezteko
Iraurgi Berritzenek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, SPRI Taldearen eta ZIUR Fundazioaren laguntzarekin, ‘Eraldaketa digitalean aurrera egiteko tresnak eta laguntzak’ lan-saioa antolatu du Azpeitiko Basazabal jauregian. 25 industria-enpresa inguruk parte hartu dute eskualdeko industria-enpresei eraldaketa digitala sustatzeko dauden jarduera-ildo eta laguntza nagusiak ezagutaraztea helburu izan duen topaketan. Jardunaldiak, era berean, erakunde sustatzaileen arduradunekin harreman zuzena izateko aukera eskaini du.
Zuzendaritza eta finantza lanetan aritzen diren profesionalak eta eskualdeko industria-enpresen IT arduradunak bertaratu dira topaketara. Eraldaketa digitalarekin eta berrikuntza teknologikoarekin lotutako aukerak eta baliabideak ezagutzeko jakin-min handia erakutsi dute guztiek.
SPRI Taldeko Guillermo Unamunok ‘Adimen Artifiziala 2026’ eta ‘Industria Zibersegurtasuna 2026’ programak aurkeztu ditu. Era berean, Loreto Susperregik eta Jon Gurrutxagak -hurrenez hurren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza zerbitzuburuak eta Berrikuntzako zuzendariak- ‘Datekin’, ‘Berritek+’ eta ‘Gipuzkoa Digitala’ programen xehetasunak azaldu dituzte.
ZIURek azken programa honetan betetzen duen eginkizuna azaldu du; izan ere, programa honen baitan dago 400.000 euroko Foru Aldundiaren zibersegurtasun arloko dirulaguntza-deialdi berria. Laguntza honek bi jarduera-ildo jasotzen ditu: lehena ‘OT industriaren zibersegurtasuna’ indartzera bideratuta dago eta bigarrena, ‘Zibersegurtasunean gaitasun aurreratuak’ sustatzera.
Horrez gain, Gipuzkoako Industria Zibersegurtasuneko Zentroak industria-enpresentzat eskaintzen dituen zibersegurtasuneko zerbitzu eta lan-ildoen barne dagoen ZIUR Azelerazio Programa aurkeztu du.
Izaera praktikoa izan duen saioan, parte-hartzaileek, bakoitzaren baldintzak kontuan hartuta, beren enpresa-proiektuak aurkeztutako laguntza-ildoetara nola egokitzen diren aztertzeko aukera izan dute. Era berean, networking guneak esperientziak partekatzeko eta zalantzak argitzeko espazio ireki bat eskaini du.