Atzealdea María Penillak AAk enpresen munduan dituen aurrerapen eta arriskuak azaldu ditu Women4Cyber Euskadi kongresuan

María Penillak AAk enpresen munduan dituen aurrerapen eta arriskuak azaldu ditu ‘Women4Cyber Euskadi’ kongresuan
Zibersegurtasunean emakumezkoen talentua sustatzearen garrantzia ere azpimarratu du Bilbon burututako topaketan
ZIUReko zuzendari Maria Penillak 'Women4Cyber Euskadi' elkarteak Bilbon antolatu zuen topaketan parte hartu zuen. Bertan, adimen artifizialak enpresa munduan duen eragina aztertu zuen. “Hesiak apurtzen, ziberresilientzia eraikitzen” lelopean burututako ekitaldian, Penillak teknologia horiek erakundeetan dituzten arrisku zein erronka berriak nabarmendu zituen.
Women4Cyber Spain-ek antolatutako topaketa honen helburua zibersegurtasunaren esparruan emakumeen talentuaren parte-hartzea eta ikusgarritasuna sustatzea da, ekosistema digital berritzaileago eta erresilienteagoa bat garatzen lagunduz. Ekimen hau European Cybersecurity Organisation-ek bultzatutako Women4Cyber sare europarraren parte da, eta eraldaketa digitalerako sektore estrategiko batean emakumeen presentzia sustatzea da ardatz nagusia.
Penillak zibersegurtasuna bezalako arlo estrategiko batean emakumeen talentua txertatzearen eta sustatzearen garrantzia azpimarratu du ere bai bere hitzaldian, enpresa eta erakundeetan aniztasuna eta lankidetza betetzen duen funtsezko papera nabarmenduz.
CISOen papera
Penillak zibersegurtasunean geroz eta gehiago partekatzen den ideia bat jarri du mahai gainean: “Informazioaren segurtasuneko arduradun askok, hau da CISOak, partekatzen dute erantzukizun gehiago onartzea profesionalki hazteko bide naturala dela. Hala ere, ikuspuntu hori engainagarria izan daiteke. Sarritan funtzioen gehikuntzarekin batera ez dira beharrezko baliabideak edo laguntzak ematen horrelako arazoei aurre egiteko”, adierazi zuen.
Gainera, “egoera horrek nabarmen areagotu ditzake CISOei eragiten dien arrisku pertsonal eta profesionalak. Erakundeek beren laguntza egiturak ez badituzte indartzen, profesionalek segurtasun munduan gora-behera gehiago jasateaz gain, beren gain dauden lanetan akats gehiago egin ditzakete”, nabarmendu zuen ere bai.
Hitzaldia honako esaldi honekin amaitu zuen: “Konplexutasun digitala hazten ari den testuinguru honetan, CISOek erronka handi bati egin behar diote aurre. Izan ere, proiektu baten antolakuntzan burutzen duten paper estrategikoei loturiko arriskuen eta lidertza-aukeren arteko oreka inoiz baino hauskorragoa da. Zibereraso bat defendatzea baino zailagoa da bezeroei azaltzea zergatik ez zen hasiera batean babestu; izan ere, 20 urte behar dira enpresa baten ospea mantentzeko, eta minutu batzuk bakarrik —zibereraso batek iraun dezakeena— dena hondatzeko".