Atzealdea Marc Rivero ziberinteligentzian nazioarteko aditua izango da IndustrySec 2025eko hizlari nagusia

2025 / 09 / 22
Kasperskyko ikertzaileak hitzaldi bat emango du industria sektorean mehatxuen ziberinteligentzia zerbitzu bat izateak dakartzan onurei buruz.

Marc Rivero ziberinteligentzian nazioarteko aditua izango da IndustrySec 2025eko hizlari nagusia

ZIURek eta Foru Aldundiak antolatzen duten Gipuzkoako zibersegurtasun industrialeko topaketa nagusia urriaren 9an izango da Ficoban (Irun)

IndustrySec 2025, ZIUR Fundazioak eta Foru Aldundiak antolatutako Gipuzkoako zibersegurtasun industrialeko erreferentziazko ekitaldia hilaren 9an egingo da Irungo Ficoba erakustazokan. ‘Batasunaren indarra: lankidetza, ekosistemaren eragile’ lelopean, edizio berri honetan sektoreko adituak bilduko dira, industriaren etorkizuna segurtasun digitalaren arloan markatuko duten erronka, aukera eta araudi berriak aztertzeko.

Marc Rivero López ziberadimenean, geopolitikan eta mehatxu aurreratuen analisian aditu ospetsuak emango du ‘Mehatxuen adimena industria-sektorean: Zure etsaia ezagutzearen garrantzia’ izenburua izango duen hitzaldi nagusia. Riverok, Kasperskyko segurtasuneko ikertzaile nagusiak, ibilbide luzea du ziberkrimena nazioartean aztertzen eta borrokatzen, eta sortzen ari diren arriskuei eta industriako enpresen jarraitutasuna eta erresilientzia mehatxatzen duten erasoei aurrea hartzeko beharrari buruzko ikuspegi estrategikoa emango du.

Programak, gainera, bi mahai-inguru izango ditu, zibersegurtasun arloko enpresen eta arduradunen parte-hartzearekin, esperientzia praktikoak partekatzeko. Zehazki, ‘Produktuaren zibersegurtasuna ebaluatzeko proiektuetan esperientziak partekatuz’ izeneko lehenbizikoan, Masermic, Bexen Cardio eta Connect Group erakundeek hartuko dute parte, eta SPRI Taldeko Guillermo Unamunok moderatuko du.

Ondoren, ‘CISOren kudeaketa: erronkak eta irtenbideak zibersegurtasun industrialean’ mahai ingurua egingo da, Betapack, Venanpri Group (Bellota Herramientas) eta Gourmet Okin Taldea enpresetako ordezkariekin, María Penilla ZIUReko zuzendari nagusiak moderatuta.

IndustrySec 2025en bitartez, Gipuzkoak zibersegurtasun industrialaren erreferentzia gisa duen posizioa indartzen du, ezagutza partekatuaren, berrikuntzaren eta lankidetzaren alde eginez, etorkizun digitalaren erronkei aurre egiteko.

Doako sarrera aldez aurretik izena emanda: https://gipuzkoaindustrysec2025.eus/57466134294597665/es/info