Atzealdea Industriaren % 53k AAra joko du zibersegurtasuneko talentu arrakala ixteko, ZIURen 2026ko Prospektiben Txostenaren arabera

Industriaren % 53k AAra joko du zibersegurtasuneko talentu arrakala ixteko, ZIURen 2026ko Prospektiben Txostenaren arabera
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak hornikuntza-katean arriskuak areagotzeaz, erregulazio-presioaz eta burujabetza digitala indartzeko beharraz ohartarazi du
ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak 2026ko Prospektiben Txostena atera du. Azterlan estrategiko horrek zibersegurtasuneko joera, arrisku eta lehentasun nagusiak identifikatzen ditu industria sektorearentzat, azelerazio teknologikoak, adimen artifizialaren integrazioak eta ekoizpen inguruneen konektibitatearen igoerak markatutako testuinguruan. Txostenaren arabera, 2026a inflexio puntua da industriarentzat, eta digitalizazio aurreratuak, adimen artifizialaren integrazioak eta konektibitate masiboak eraginkortasun- eta berrikuntza-aukera garrantzitsuak sortzen dituzte, baina, era berean, nabarmen zabaltzen dute erasoaren azalera eta arrisku zibernetikoen konplexutasuna.
“Industria hiperkonektibitate fase batean sartzen ari da, eta zibersegurtasunak elementu tekniko izateari utzi dio, lehiakortasunaren eta jarraipen operatiboaren faktore estrategiko bihurtzeko”, adierazi du María Penilla ZIUReko zuzendari nagusiak. “Industria-erakundeek aurrea hartu behar diote mehatxu sofistikatuagoak, iraunkorragoak eta zeharkakoagoak dituen agertokiari”, ohartarazi du.
Txostenean identifikatutako erronka nagusietako bat zibersegurtasun industrialean espezializatutako talentu eskasia da, bereziki OT eta IIoT inguruneetan. ZIURen azterketaren arabera, erakundeen % 53k adimen artifizialeko eta machine learningeko tresnak erabiltzea lehenesten dute zibersegurtasuneko talentu arrakala epe laburrean ixteko bide gisa.
AA Agentikoa, aldeak markatzen dituen faktore estrategikoa
Ildo horretan, txostenak azpimarratzen du ikasteko, erabakiak hartzeko eta denbora errealean jarduteko gai diren eragile autonomoetan oinarritutako AA agentikoak gero eta rol handiagoa duela. Soluzio horiek industria inguruneetan aldi berean milaka aldagai monitorizatzeko, eta portaera anomaloen edo eraso emergenteen aurrean era automatikoan erantzuteko aukera ematen dute.
“AA agentikoa ziberdefentsa industrialeko bereizle handienetakoa izango da”, nabarmendu du Penillak. “Denbora errealean mehatxuak detektatzeko eta erantzun autonomoak aktibatzeko duten gaitasuna funtsezkoa da segundo bakoitza garrantzitsua den eta inpaktu operatiboa kritikoa izan daitekeen ingurunean”.
Txostenak adierazten du, halaber, zibersegurtasun arloko liderren % 47ak OT eta IIoT arloko trebetasun gabeziak identifikatzen dituela beren azpiegiturak eraginkortasunez babesteko oztopo gisa, eta % 39ak, berriz, gobernantzan eta erantzukizunen esleipenean akatsak daudela adierazten du. Testuinguru horretan, kudeatutako zerbitzu espezializatuen hedapena palanka estrategiko gisa agertzen da: zibersegurtasun arloko gertakariak izan dituzten erakundeen % 48ak lehentasunezkotzat jotzen ditu gaitasunak bizkortzeko eta arriskuak arintzeko.
Hornidura katea, arrisku bektore kritikoa
ZIURen 2026ko Prospektiben Txostenak, gero eta interdependenteagoa eta digitalizatuagoa den hornidura kate industrialaren gero eta esposizio handiagoan jartzen du arreta. Gartnerraren arabera, mundu mailako segurtasun arrakalen % 45a hirugarrenen ahultasunekin erlazionatuta dago.
“Hirugarren baten bidezko infiltrazioak ondorio larriak izan ditzake, ez bakarrik ekoizpenari dagokionez, baita segurtasun fisikoari eta instalazioen osotasunari dagokienez ere”, ohartarazi du Penillak. Horregatik, ZIURek hirugarrenen arriskuak kudeatzeko esparru aurreratuak ezartzea gomendatzen du, identifikazioa, ebaluazioa, etengabeko monitorizazioa, auditoretzak eta arintze neurri proaktiboak barne hartuta.
Presio arautzailea eta subiranotasun digitala
Era berean, txostenak nabarmentzen du araudia betetzeak gero eta pisu handiagoa duela industriarako ardatz estrategiko gisa, NIS2 Zuzentaraua, Cyber Resilience Act (CRA) eta antzeko erregulazioen eta TISAX, UNECE R155 edo MDR bezalako estandarren aurrean. ZIURek azpimarratu du betetzea ez dela soilik legezko betebeharra, “etengabeko hobekuntza, berrikuntza eta lehiakortasun jasangarria bultzatzen dituen motorra” baizik, esan du berriro Penillak.
Aldi berean, subiranotasun digitala funtsezko zutabe gisa finkatzen da industriaren aktibo estrategikoak mendekotasun teknologikoen eta tentsio geopolitikoen aurrean babesteko. Azpiegitura propioak, arkitektura hibridoak, zibersegurtasuneko soluzio aurreratuak eta arriskuak kudeatzeko estrategia sendoak hartzeak erresilientzia operatiboa indartzen du mehatxu sofistikatuen aurrean, hala nola eraso gidatuak, espioitza industriala edo hornidura teknologikoaren kateko etenak.
“Subiranotasun digitalean inbertitzea funtsezko zutabea da etorkizuneko industriako aktibo kritikoen kontrola, autonomia eta babesa bermatzeko”, adierazi du María Penillak. “2026an lehiakorra izan nahi duen industriak talentua, teknologia, erregulazioa eta arriskuaren kudeaketa integratu beharko ditu ikuspegi estrategiko komunean”, amaitu du.
Kontsultatu txostena hemen: https://www.ziur.eus/eu/-/industria-sektorerako-2026ko-prospektibei-buruzko-txostena