Atzealdea Gipuzkoak zibersegurtasunaren aldeko apustua partekatzen du, lehiarako abantaila gisa

Gipuzkoak zibersegurtasunaren aldeko apustua partekatzen du, lehiarako abantaila gisa
Mugikortasunaren sektoreko berrogeita hamar bat enpresak CRAk bere produktu eta prozesuetan duen eragina aztertu dute, Gipuzkoako industria sareari Europako araudira egokitzen laguntzeko ZIURek eta MUBILek antolatutako jardunaldian
Bereziki mugikortasunaren eta automobilgintzaren sektorearekin lotutako Gipuzkoako enpresa eta industria eragile ugari bildu dira gaur MUBIL Centerrek Eskuzaitzetan dituen instalazioetan, Europako erregulazioak, bereziki Cyber Resilience Act (CRA), laster indarrean jartzeak bere prozesuetan, produktuetan, merkatuetan eta salmenta ondorengo zerbitzuan izango duen eraginean sakontzeko. Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko ZIUR Zentroak eta Mugikortasun Adimendunaren eta Jasangarriaren MUBIL Hubak, biak Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako fundazioak, antolatutako ‘CRA Legea Automobilgintzan: eskakizun erregulatzailetik abantaila lehiakorrera’ jardunaldiak Gipuzkoako industria sareak lehiakortasun faktore gisa egokitzeko, Europako merkatuan sartu edo mantentzeko eta bezeroengan eta bazkideengan konfiantza sortzeko beharko duen nahitaezko gaitasunean jarri du azpimarra.
Zibersegurtasuna jada ez dela kontu teknologikoa soilik, lehiakortasun-faktore dela, eta merkatu-aldagai argia. Hala erakusten dute CRA bezalako erregulazioek; izan ere, 2027ko abendutik aurrera, konektatutako produktu eta zerbitzu industrial guztiei aplikatu beharreko zibersegurtasuneko berariazko baldintza teknikoak bete beharko dira, eta bizi-ziklo osoan zehar betekizun horiek betetzen direla erakusteko gai izan beharko da. Horri dagokionez, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak jardunaldiaren hasieran adierazi duenez, “Cyber Resilience Act indarrean sartzeak argi erakusten du gure industriak dituen erronka handiei ezin zaiela modu isolatuan aurre egin. Gipuzkoak urteak daramatza gaitasun estrategikoak eraikitzen aldaketa horiei aurrea hartzeko, gure enpresen lehiakortasunari zuzenean eragiten dioten erronkei erantzun bateratuak emateko gaur egun elkarlanean ari diren ZIUR eta MUBIL bezalako ekimenak bultzatuz. Ezagutza, teknologia eta industria konektatzeko gaitasun hori da gure indargune nagusietako bat, eta merkatuaren eraldaketei prestakuntza eta lehiarako abantaila handiagoko posiziotik aurre egiteko aukera ematen digu”.
Esparru arautzaile berri hori ez da araudia betetzearen ikuspegitik soilik ikustea komeni, prestakuntza indartzeko, merkatuan bereizteko, erantzukizunak argitzeko eta zibergertakarien aurrean erantzuteko gaitasuna hobetzeko aukera gisa baizik”, adierazi du César Gutierrez MUBILeko zuzendari nagusiarekin batera ekitaldia gidatu duen María Penilla ZIUReko zuzendari nagusiak. Gutierrezek bere aldetik gaineratu duenez, “egungo mugikortasuna eredu konektatu, adimendun eta jasangarrirantz doa, baina segurua ere izan behar du. CRAk aurrea hartzera eta zibersegurtasuna diseinutik integratzera behartzen gaitu, erregulazio eskakizun bat berritzeko, konfiantza sortzeko eta gure industriaren lehiakortasuna indartzeko aukera bihurtuz”.
ZIURen Azelerazio Programaren lehen emaitzak
Jardunaldiak balio izan du, halaber, Foru Aldundiaren CRAren Azelerazio Programa berriaren lehen emaitzak aurkezteko. ZIURek bultzatu du programa, eta 3 milioi euroko zuzkidurarekin helburu hau du: “enpresekin batera jardutea CRAra egokitzeko ziklo osoan, besteak beste, konektatutako produktu edo zerbitzu industrialen ebaluazioa erraztuz”. Bere lehen zortzi hilabeteetan, urtean 70era helduko direla aurreikusten den ebaluazioen % 25 hasi ditu.
Erregulazioarekin berarekin batera, Juan Ricok, Eclipse Foundationeko Oniro eta Cloud programetako senior managerrak, ‘Kodetik harago: CRAk nola birdefinitzen ditu softwarearen erantzukizuna eta erresilientzia’ izeneko hitzaldia eman du. Bertan, sektoreko enpresa industrialentzat, fabrikatzaileentzat, garatzaileentzat eta eragile teknologikoentzat interes berezia duten alderdi tekniko eta espezifikoetan barneratu da.
Jardunaldiak, halaber, araudiak enpresetan duen eragin praktikoa erakusten duten benetako zenbait kasu eskaini ditu. PWCko Unai Cenigaonandiak moderatuta, Loire Gestamp-eko David Ramosek, Fagor Ederbatt-eko Victor del Pozok eta Orbik Cybersecurity-ko Jon Ander Agirretxuk, ‘Mugikortasun industriaren erronkak eta ikaskuntzak CRA betetzeko produktuen ebaluazioan’ izenburupean, errealitate saihestezin bati, CRA araudira egokitu beharrari, buruz dituzten iritziak partekatu dituzte mahai inguruan, eta denek partekatu dute haren eskakizunei “aurrea hartzeko” betebeharra, Europako lehiakortasunaren trena ez galtzeko. “Gauzak araudiak adierazten duenaren arabera egiten dituzu edo merkatutik kanpo zaude”, adierazi du María Penillak ekitaldiaren amaieran, gomendio batekin amaitzeko. “Araudiak epe batzuk ezartzen baditu ere, enpresek lanean aritu beharko lukete epe laburrera eskatuko dizkieten baldintzak aplikatzen, eta, horrela, milioi askoko isunak saihestu, baita negozioa ixtea ere”.