Atzealdea Gipuzkoa IndustrySec 2026 kongresuak adimen artifizialak industrian duen eragina aztertuko du

2026 / 07 / 27
Urriaren 28an egingo da Ficoban Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, ZIURek, antolatutako industria-zibersegurtasuneko erreferentziazko topaketaren seigarren edizioa.

Gipuzkoa IndustrySec 2026 kongresuak adimen artifizialak industrian duen eragina aztertuko du

ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak antolatutako industria-zibersegurtasuneko erreferentziazko topaketaren seigarren edizioa Ficoban egingo da urriaren 28an

ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak antolatutako Gipuzkoa IndustrySec 2026 industria-zibersegurtasuneko erreferentziazko ekitaldiaren seigarren edizioak azken urteotan teknologia- eta enpresa-arloa gehien eraldatu duen fenomenoa izango du ardatz: adimen artifiziala (AA). Irungo Ficoba azokaguneak adituak diren sektoreko hainbat profesional bilduko ditu urriaren 28an, adimen artifizialak industrian duen eragina elkarrekin aztertzeko eta etorkizunerako giltzarri den, baina dagoeneko oraina baldintzatzen ari den fenomeno hau hobeto ulertzeko.

Zibersegurtasuneko soluzioen diseinuan eta garapenean liderra den TrendAI multinazionaleko Europako Zibersegurtasun Estratega Raul Guillenen esku egongo da ekitaldiko hitzaldi nagusia. ‘Adimen artifizialaren segurtasun-stacka’ izenburupean, adimen artifizialaren erabilera segurua bermatzeko eta teknologia horrekin lotutako arrisku berriei aurre egiteko beharrezkoak diren babes-geruzak aztertuko ditu. “Adimen artifizialaren segurtasuna, neurri handi batean, arkitektura-, gobernantza- eta zibersegurtasun-erronka da”, adierazi du Guillenek.

Horrez gain, lurraldeko industria-enpresekin egingo diren bi mahai-inguruk adimen artifiziala eguneroko jardunean nola ezartzen ari den ulertzen lagunduko dute. Alde batetik, lau enpresek azalduko dute nola ari diren AA beren fabrikazio-prozesuetan integratzen. Bestetik, beste lau enpresek partekatuko dute adimen artifizialaren erabilerak dakartzan ziberarriskuak nola kudeatzen dituzten eguneroko jardunean.

Azkenik, ZIUReko zuzendari nagusi María Penillak adimen artifizialak eskaintzen dituen erronkak eta aukerak aztertuko ditu, betiere giza faktorea hura gidatzeko ezinbestekoa dela azpimarratuz. “Adimen artifiziala enpresen zibersegurtasuna eraldatzen ari da, baina AA hornitzaileen marketinaren eta adimen artifizialeko sistemen benetako gaitasunen arteko arrakalak frustrazioa sortzen ari da segurtasun-taldeetan. Adimen artifizialak oraindik ez ditu zibererasoak % 100 modu autonomoan detektatzen, blokeatzen eta neutralizatzen; adituak diren analisten gainbegiratzea behar du oraindik ere”, adierazi du Penillak.

Informazio gehiago: https://gipuzkoaindustrysec2026.eus/73266115124592820/eu/info