Atzealdea Espainia ‘hacktibismoak’ gehien kaltetutako Europako 10 herrialdeen zerrendan sartu da berriro

Espainia ‘hacktibismoak’ gehien kaltetutako Europako 10 herrialdeen zerrendan sartu da berriro
ZIURek, 2025eko hirugarren hiruhilekoari dagokion bere “Ziberadimen Industrialari buruzko Txostena” argitaratu du. Bertan, hainbat herrialderen aurka zerbitzu ukapeneko eraso arrakastatsuak ugaritu direla ohartarazten du.
Espainia ‘hacktibismoak’ gehien erasotutako Europako 10 herrialdeen zerrendan sartu da berriro, ZIURek argitaratu berri duen urteko hirugarren hiruhilekoari dagokion ‘Ziberadimen Industrialari buruzko Txostenaren’ arabera. Aurten, Espainia etengabe sartu eta atera da zerrenda horretatik. Lehen hiruhilekoan, ZIURek ohartarazi zuen Estatuko erakundeen aurka erregistratutako erasoen kopurua “izugarri igo” zela; bigarrenean, berriz, adierazi zuen Espainia jada ez zegoela eragile erasokor tipologia horrek gehien erasotzen dituen Europako herrialdeen artean. Eta uztail, abuztu eta irailean, berriro ere, herrialdea lehen postuetara itzuli da.
Aldi horretan ‘hacktibismoak’ gora egin du Europan, eta hainbat herrialdetara zuzendutako zerbitzu ukapeneko 4.941 eraso arrakastatsu zenbatu dira, aurreko hiruhilekoan baino 2.423 gehiago. Oraingo honetan, herrialderik kaltetuena Alemania izan da, ondoren Ukraina, Italia, Lituania, Txekiar Errepublika, Frantzia, Belgika, Finlandia, Norvegia eta, hamargarren, Espainia.
Zehazki, Estatuak talde ‘hacktibista’ ugarik egindako #OpMortadelos izeneko operazioa jasan du. Mugimendu hori #OpSpain izeneko kanpaina handiagoaren parte da, eta Europolek, ustez ‘Desinformador Ruso’ ezizena erabiltzen zuen Enrique Arias Gil bilatzeko eta atxilotzeko agindua argitaratu ondoren jarri zen abian ustez talde errusiazale bati Espainiaren aurkako zibererasoak egiteko informazioa emateagatik.
Filtrazioak eta ransomwarea murriztu dira
ZIUR Foru Aldundiaren Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroaren txostenak nabarmentzen du, halaber, Telegrameko foro klandestinoetan eta kanaletan Espainiako antolakunde eta erakundeei buruzko datuen ustezko 41 filtrazio detektatu direla, aurreko hiruhilekoan baino 14 gutxiago.
Ransomwareari dagokionez, 2025eko bigarren hiruhilekoan 1.702 gertakari erregistratu dira, aurreko aldian baino % 3,86 gutxiago. Bost talde aktiboenek kasuen ia % 43 bildu dituzte, eta gehien kaltetutako sektoreak manufaktura-sektorea, sektore teknologikoa, osasun-sektorea, banka eta eraikuntza izan dira. Qilin, Akira, Incransom, Play eta Safepay bihurtu dira eragilerik erasokorrenak, bosten artean 727 filtrazio biltzen baitituzte, guztizkoaren % 42,71.
Aldiz, gorakada txiki bat izan duena ahultasunen argitalpena izan da, guztira 12.648 argitaratu baitira. ICS (Kontrol Industrialeko Sistemak) sistemen espezifikoei dagokienez, CISAk 902 jakinarazi ditu guztira, 2025eko bigarren hiruhilekoan argitaratutakoen bikoitza baino gehiago. Ahultasunek software fabrikatzaileengan dute eragina nagusiki.
ZIURen ‘Ziberadimen Industrialari buruzko Txostenak’ gomendio batzuk ere ematen dizkie Gipuzkoako enpresei. Besteak beste, pasahitz sendoen politikak ezartzea, pasahitzen kudeatzaileak erabiltzea, faktore anitzeko autentifikazioa izatea eta aldizkako auditoretzak egitea. ZIURek, halaber, phishing mezuen arriskuez ohartarazten du, erasotzaileek erakundeetan duten “sarrera komuneko bektore gisa”, eta “arrisku hori arintzeko prestakuntza programak garatu behar direla” adierazten du.