Atzealdea AAk industrian duen eragina izango da Gipuzkoa IndustrySec 2026 ekitaldiaren ardatz nagusia

2026 / 10 / 05
Urriaren 28an ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak antolatzen duen zibersegurtasun industrialeko erreferentziazko ekitaldiaren seigarren edizioa hartuko du Ficobak.

AAk industrian duen eragina izango da Gipuzkoa IndustrySec 2026 ekitaldiaren ardatz nagusia

Urriaren 28an ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak antolatzen duen zibersegurtasun industrialeko erreferentziazko ekitaldiaren seigarren edizioa hartuko du Ficobak

Adimen artifizialaren ezarpena gizarteko esparru guztietan eta, zehazki, industria-prozesuetan errealitate geldiezina dela ukatzea gertatzen ari denari begiak ixtea litzateke. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak antolatzen duten Gipuzkoa IndustrySec 2026 ekitaldiak, erreferentziazkoak lurraldeko zibersegurtasun industrialean, AAk industrian duen eragina jarriko du azterketaren erdigunean. ‘Estrategiatik adimen artifizialeko plan baten errealitatera’ lelopean, Irungo Ficoba erakustazokak sektoreko adituen lekukotzei emango die ahotsa, eta etorkizuna ulertzeko funtsezkoa den fenomeno horretan sakontzeko aukera emango duten industriako benetako erabilera-kasuak aurkeztuko ditu.  

“Gipuzkoak urteak daramatza etorkizuneko aldaketei aurrea hartzeko lanean”, adierazi du Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak. “Ikuspegi horretatik bultzatu genituen ZIUR bezalako ekimen estrategikoak, eta egindako apustu hori fruituak ematen ari da. Adimen artifiziala eta haren erabilera erronka berri bat dira gure enpresen lehiakortasunerako, eta ZIURen bidez erronka horri erantzuteko lanean ari gara. Gipuzkoa IndustrySec 2026n ere gai hori izango dugu aztergai. Eraldaketa horri ikuspegi estrategiko batetik heldu behar diogu, aukera gisa ulertuta eta ezagutza eta teknologia uztartuta, aldaketei aurrea hartu eta gure enpresak zein Gipuzkoa bera etorkizuneko agertokietan posizio sendo eta lehiakor batean kokatzeko”, gaineratu du Anduezak.
 
Batzuetan adimen artifiziala arazo guztien soluzio gisa aurkezten den garaian, María Penilla ZIURen zuzendari nagusiak AAk euskal industria-sarearentzat dituen erronkak eta aukerak aztertuko ditu, teknologia horren guztiaren atzean hura gidatzeko giza faktorea ezinbestekoa dela ahaztu gabe. 

Raul Guillén TrendAIko Europako zibersegurtasun-estrategak emango du ekitaldiko ‘Adimen artifizialaren segurtasun-stacka’ hitzaldi nagusia. TrendAI zibersegurtasun-soluzioak diseinatzen eta garatzen multinazional liderra da. Hitzaldian, adimen artifizialaren erabilera segurua bermatzeko eta teknologia horri lotutako arrisku berriei aurre egiteko beharrezkoak diren babes-geruzak aztertuko ditu Guillének. “AAren segurtasuna, neurri handi batean, arkitektura-, gobernantza- eta zibersegurtasun-erronka da”, dio Guillének.

Enpreseen benetako kasuak

Gainera, programa eduki teorikoa lurreratzen saiatuko da, AAk industrian dituen bi erabilera-agertoki erreal aurkeztuz. Ildo horretan, ‘Adimen artifiziala industria-eraldaketarako palanka gisa: benetako erabilera-kasuak’ mahai-inguruan, enpresak teknologia hori prozesuak hobetzeko, eragiketak optimizatzeko eta aukera berriak sortzeko nola erabiltzen ari diren erakusten duten esperientzia zehatzak ezagutu ahal izango dira. Mahai-inguruan parte hartuko dute Ion González Grupo Gourmet Okineko CIOak, Joana Azqueta CAFeko Datuen eta Adimen Artifizialaren arduradun korporatiboak eta Aitor Apalategi SALTO WECOSYSTEM Groupeko laguntza-prozesuen buruak.

IndustrySec 2026 ekitaldiak teknologia horiek hartzearekin batera datozen erronketan ere jarriko du arreta. ‘Zibersegurtasuna eta adimen artifiziala: nola aurre egin arrisku berriei’ mahai-inguruan, industria-inguruneetan AA ezartzean zibersegurtasun-estrategiak integratu izanaren benetako kasuak aztertuko dira. Eztabaida-saioan arituko dira Iratxe Ijalba Mutualiako Informazio Sistemen zuzendaria eta Segurtasun arduraduna; Mikel Garcia VENANPRI Groupeko (BELLOTA Herramientas) Chief Information Security Officer (CISO); eta Iñaki Calonge Head of IT Integration and Contract & Vendor Management.

Gipuzkoa IndustrySec 2026 ekitaldiarekin, lurraldeak zibersegurtasun industrialean erreferente gisa finkatzeko apustua indartzen du. Helburu horretan, ZIURek Gipuzkoako enpresa-sareari lagun egiten jarraituko du, gero eta konplexuagoa eta digitalizatuagoa den ingurune teknologikoaren erronkei berme handiagoz aurre egin diezaien. Kongresuan parte hartzeko izen-emateak zabalik daude dagoeneko helbide honetan: https://gipuzkoaindustrysec2026.eus/ZIUR/eu/inf