Atzealdea 2024ko hiru pasahitz ezagunenak segundo batean deszifratzen dira

2025 / 05 / 02
Maiatzeko lehen ostegunean ospatzen den Pasahitzaren Munduko Eguna dela eta, ZIURek gogorarazten du pasahitzak deszifratzeko indar gordinaren erabilera dela zibererasotzaileek sistemetan sartzeko gehien erabiltzen duten bideetako bat.

2024ko hiru pasahitz ezagunenak segundo batean deszifratzen dira

Maiatzeko lehen ostegunean ospatzen den Pasahitzaren Munduko Eguna dela eta, ZIURek gogorarazten du pasahitzak deszifratzeko indar gordinaren erabilera dela “zibererasotzaileek sistemetan sartzeko gehien erabiltzen duten bideetako bat”

Espainiako hiru pasahitz ezagunenak, 2024an ia 50.000 aldiz erabili zirenak, segundo bakar batean deszifratzen dira. Hala dio NordPass pasahitzak administratzen dituen zibersegurtasunean espezializatutako enpresak. Urtero, txosten zehatz bat argitaratzen du mundu osoko gako ohikoenekin, eta horietako asko planeta osoan zehar errepikatzen dira.

Igande honetan ospatuko den Pasahitzaren Munduko Eguna dela eta, ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak ohartarazi duenez, zifratu hori haustea “ziberkriminalek gehien erabiltzen duten eraso bektoreetako bat da, oso ondo funtzionatzen baitie”. “Badakigu eraso asko pasahitza haustetik hasten direla, eta pasahitz hori gako bat berreskuratzeko modu bat dela, konbinazio posible guztiak probatuz, sarbidea ahalbidetzen duena aurkitu arte. Hori da gaiztoek gure sistemetara sartzeko duten bide nagusietako bat”, ohartarazi du María Penilla ZIUReko zuzendariak.

Espainian, gehien erabiltzen den pasahitza 2024an 27.374 aldiz erabili zen 123456 da; ondoren, 14.385 aldiz idatzitako 123456789; eta 7.811 aldiz aukeratutako 12345678. Horiek guztiak segundo bat baino gutxiagoan deszifratzea lortzen da, rankingeko bosgarrena, seigarrena, zazpigarrena, zortzigarrena, bederatzigarrena eta hamargarrena bezala: qwerty123, 12345, qwerty1, 1234567890, password eta 1234567. Laugarrenik, deszifratzeko bi minutu inguru behar izaten dituen España nabarmentzen da. Hamar pasahitz horiek 81.611 aldiz erabili ziren 2024an, NordPassen txostenean adierazten den bezala. 

Munduan, agertokia ia errepikatu egiten da. 2024an gehien erabili ziren hamar pasahitzak hauek izan ziren: 123456, 123456789, 12345678, password, qwerty123, qwerty1, 111111, 12345 eta azken pasahitz bitxi samar bat: secret. Horiek guztiak, iaz 9 milioi aldiz baino gehiagotan erabiliak, segundo bat baino gutxiagotan dezifratzen dira. 

Gomendioak

“Pasahitzak ez dira inoiz partekatu behar, inola ere ez. Oso argi izan behar da ezein zerbitzuk ez dizula eskatuko zure pasahitzetako bat haiekin partekatzeko. Nolanahi ere, senideren batekin partekatu behar badugu, ahalik eta lasterren aldatzea komeni da”, adierazi du ZIUReko zuzendariak, eta ziurtatu du pertsonak ez direla “pasahitzekin izan beharko luketen bezain zorrotzak, eta hori ziberkriminalek beren alde baliatzen dute”, NordPassen txostenak erakusten duenez. “Dokumentu horretan ikusten dugu zein gutxi kostatzen den behar bezain sendoa ez den pasahitz bat indar gordinaren bidez haustea”, azpimarratu du Penillak. 

Horregatik, pasahitzen kudeatzaile bat erabiltzea gomendatzen du, gakoak modu seguruan gordetzeko. “Zibersegurtasunean 0 arriskua existitzen ez den arren, kudeatzaile bat erabiltzea beti izango da pasahitzak paper batean apuntatuta izatea edo pasahitza zerbitzu guztietarako erabiltzea baino seguruagoa, izan ere, argi dago ez garela gai egunero erabili beharko genituzkeen dozenaka pasahitzak buruz ikasteko”, adierazi du.

Enpresa eta industria mailan, Penillak uste du eraginkorrena erabiltzaileak pasahitzak sarriago aldatzera behartzea dela, errepika ez daitezen eta sendoagoak izan daitezen ahalegintzeko. Era berean, zerbitzu batera sartzeko autentifikazio faktore bikoitza erabiltzea gomendatzen du, hau da, pasahitzari SMS bidez edo hainbat aplikazioren bidez irits daitekeen bigarren kode bat gehitzea.

“Gaur egun, zerbitzu gehienek onartzen dute aukera hori, eta ‘gaiztoei’ zaila jartzeko eta hackeoak saihesteko modu onenetakoa da. Une batzuetan egiaztapen bikoitza erabiltzea deserosoa izan arren, gutxienez zerbitzu kritikoenetan egin behar dugu, hala nola ordainketa datuetan edo kreditu txarteletan ”, adierazi du Penillak, eta iradoki du, zibergertakari bat jasan izana susmatzean, gomendagarriena pasahitzak aldatzea dela, eta ordainketa konprometituak badaude, berehala bankuari jakinaraztea. “Hobe gehiegi prebenitzea”, azpimarratu du ZIUReko zuzendariak.